XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nortasun agiria Izena: Urtzi Aranburu / Jaio data: 2-9-72 / Hobbiak: lo egin, musika entzun, jan / Ametsa: mundu guztian dantzari bezala famatua izan /.

Birtutea: txukuntasuna / Akatsa: ezin dira kontatu / Abeslaria: Janet Jackson / Animalia: zaldi txuria / Zenbakia: 2 / 3 gauza uharterako: lagunak, musika, itzultzeko hegazkina / Hiria: Donostia, Madrid.

Urtzi Aranburu itxura serioa duen dantzari trebe eta irekia da.

Orain dela gutxi ETB-k erreportai bat eskeini zion eta geroztik jendeak kaletik agurtzen du berari ilusio handia emanez.

Duela hilabete batzu Suizan egon zen mundu mailako txapelketa batean eta semifinalean geratu zen 15.a geldituz.

DV Gaztea- Noiz eta nola hasi zinen ballet-a ikasten? Bi urte nituelarik euskal-dantzan hasi nintzen, eta bederatzi urte betetzean ballet-ean.

Nere familian amak eta arrebak egiten zuten eta txikia nintzenetik eskeintzen zidaten beraiekin joatea baina lagunengatik etab, nik ez nuen nahi.

Geroago, inbidia sartu zidaten eta neu ere hasi nintzen balletean.

DV Gaztea- Beraz, zure familiak hasiera batetik apoiatu zintuen? Hasiera batetik, beti.

Nik egin nahi nuena izan da hau, bai nere aitak bai nere amak, beti apoiatu naute.

DV Gaztea- Kostatu al zitzaizun mundu honetan sartzea? Noizbait pentsatu al zenuen uztea? Kostatu ez, baina etxetik atera behar izan naiz eta hori izan da gauzarik gogorrena.

Jeneralean ez dut inoiz utzi nahi izan; baina izango zen egunen bat, depre nengoela eta hortan pentsatuko nukeena. Hori denoi gertatzen zaigu.

DV Gaztea- Nola sortu zitzaizun Madrid-era joateko aukera? Hamalau urte nituenean Donostiako maisuak Madrid-era joateko esan zidan eta beka bat eskatu nuen.

Horrela hiru urte pasa ditut Madrid-en hiru bekei esker, bat Eusko Jaurlaritzakoa eta besteak Diputaziokoak.

DV Gaztea- Arazoak eduki al zenituen lagunekin? Hasieran ez, zeren txikitatik euskal-dantza egiten nuela denek zekiten; baina ballet-klasikoan sartu nintzenean, hasi ziren arazoak.

DV Gaztea- Lagunak galdu al dituzu ballet-a egiteagatik? Betiko lagunak ez ditut galdu baina zenbait lagun, orain, ez ditut lagun bezala kontsideratzen.

DV Gaztea- Orain, zure bizitzako gauzarik garrantzitsuena balleta al da? Bederatzi urtekin hasi nintzenean aktibitate berezi bat besterik ez zen, baina 14 urtekin serioski hartzeko esan zidaten, Madrid-era joan nintzen, eta ordutik bai da garrantzitsuena.

DV Gaztea- Konpentsatzen al dizu familia uzteak ballet-a ikasteko? Konpentsatu ez dakit, baina hemen ezin nuen gehiago ikasi eta horregatik joan nintzen.

Kostatu egiten da zeren hemen dituzu lagunak eta familia.

Han, bakarrik zaude lagun batzuekin, baina egin behar nuen.

DV Gaztea- Mutil asko al dago zure akademian? Donostian dantza egiten oso gutxi daude, nahiz eta sartu nahi dutenak asko izan; baina lagunak direla edo, ez dira sartzen.

Madrid handiagoa da, jende gehiago dago eta mutil gehiago ere.

DV Gaztea- Beraz, mutilei gustatzen zaien zerbait da ballet-a? Bai, jendeak ez daki baina gustatzen den zerbait da, ez askori baina....

Denek marikon edo maritxuen gauza dela uste dute eta horregatik mutil askok ez dute dantzatzen.

DV Gaztea- Nola edo non bizi zara Madrid-en? Beste hiru ikasleekin bizi naiz: dantzari bat, kimiko bat eta zientzia politikoak ikasten ari den bestea.

Guk egiten dugu guztia: garbiketak, janaria, erosketak....

DV Gaztea- Nola da egun bat zuretzat Madrid-en? Egun guztia dantzan pasatzen dut bai goizez, bai arratsaldez.

Batzuetan, gauez ere gimnasiora joaten naiz.

Beraz, egunean bakarrik eguerdian pare bat ordu ditut bazkaltzeko.

DV Gaztea- Zenbat ordu dantzatzen duzu egunean? Goizeko 10-etan sartzen naiz eta ordu biak arte aritzen naiz eta arratsaldez 5-etatik 9-ak arte.

DV Gaztea- Zure ikasketak utzi al dituzu? Orain ingelesa bakarrik ikasten dut, ikasketak 1 BBB-en utzi nituelako.

Nik beti euskaraz ikasi dut eta etxetik ateratzean alde batetik denbora eta euskararen kontua arazo bihurtu ziren.

Dena den, badago jendea ni bezala ballet-ean ibili eta gero ikasten duena, baina ni dantzara dedikatzen naiz osoki.

DV Gaztea- Egin dituzun kurtsiloetan zein izan da gehien gustatu zaizuna? Nik kurtsiloak Tarragonan, Sitgesen, Madrid-en eta hemen Donostian (Bidebietan) egin ditut.

Kurtsilo guztietan zerbait ikasten da eta denak gustatu zaizkit.

DV Gaztea- Zein ezaugarri behar dira dantzari on bat izateko? Erritmoaren sentidoa eduki, elastizidadea eta batez ere gogoz aritzea.

DV Gaztea- Zein da zure dantzaririk gogokoena? Eta konpainia? Dantzaria, Mihail Borishnikov eta konpainia Maurice Bejart.

DV Gaztea- Zein da gehien gustatzen zaizun obra? Norekin gustatuko litzaizuke dantzatzea? Gehien atsegin dudan obra Quijote-a da eta norekin ez dakit; gaur egun famatuak direnak ez dira nere adinekoak.

Baina oraingoen artean Mikhail Borikshnikov edo Silvie Gillen-ekin. Baina ezinezkoa da, ez?.

DV Gaztea- Gustatuko al litzaizuke atzerrian dantza ikastea? Zein herrialdetan? Atzerrira joateko asmoak ditut eta uste dut dantzari guztiek egin beharreko gauza dela.

Komenigarria da, beti, gauza gehiago jakitea.

Eta herrialdea, Suizara joango nintzateke; Maurice Bejart-ekin.

DV Gaztea- Akzidente bat edukiko bazenu, zer egingo zenuke? Eszenarioa utzi beharko nuke baina nik erakuts nezakeen.

Nik, berez tituloa badaukat, Madrid-en bukatu nuen; 7 urteko karrera da eta nik bitan eta ohorezko matrikulaz atera nuen.

Beraz ume txikiei erakutsiko nieke.

Nere adinean zaila izango litzateke akademia bat sortzea baina konpainia osatzea gustatuko litzaidake.

DV Gaztea- Zer gomendatuko zenioke balletean hasi nahi duten neske-mutilei? Eta mutilei bereziki? Hasieran zaila da eta gogoz egin behar dutela.

Mutilek, arazoak edukiko dituztela jakin behar dute, baina dantza bada gustatzen zaiena aurrera jarraitzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Urtziri eta zorte ona opa diogu bere ametsak bete daitezen. MILA ESKER!.